EZARPENAREN AURREKO DIAGNOSTIKO GENETIKOA
IVE tratamenduaren aldaera bat da EADG: enbrioiak aztertzen dira arazo genetiko edo kromosomikorik dagoen ikusteko. Enbrioien inkubazioan izandako aurrerapenei esker, genetikaren garapenari esker eta kostuen merkatzeari esker, tratamendu horren erabilera hedatu ahal izan da azken urteotan.
Zer da Ezarpenaren aurreko Diagnostiko Genetikoa?
Prozesuak honetan datza: IVE bat egiten da, eta enbrioiak lortu ondoren, zulotxo bat egiten da horien zona peluzidoan zelula batzuk ateratzeko. Prozesu hori enbrioien blastozisto-estadioan egin ohi da (garapenaren 5./6. egunean).
Zelulak lortu ondoren, azterketa genetikoa / kromosomikoa egiten da enbrioi osasuntsuak hautatzeko. Emaitza aste batzuen buruan lortzen denez, enbrioiak bitrifikatzen dira eta transferentzia ondoren egiten da.
Bi azterketa-mota daude:
PGT-M
PGT-M: Ezarpenaren aurreko Test Genetiko horrek gaixotasun monogenikoak aztertzen ditu. Gaixotasun horiek hereditarioak dira eta gurasoak eramaile diren gene batekin lotuta daude.
Enbrioiak aztertzen dira jakiteko gaixotasuna eragiten duen genea duten, eta genea ez dutenak transferituko dira.
PGT-A
PGT-A: Ezarpenaren aurreko Test Genetiko horrek kromosomak aztertzen ditu. Kromosoma-anomaliak hainbat sindromerekin lotzen dira (Down, Edwards, Patau, Turner…), baina, batez ere, ezarpenak huts egitearen edo abortuaren kausa dira.
Teknika hori kasu hauetan egiten da:
- Gurasoengan kromosoma-anomaliak daudenean.
- IVE aurreko zikloetako ezarpenek huts egiten dutenean.
- Abortuak errepikatzen direnean. Abortu-kausa nagusia kromosoma-anomaliak direnean.
- Amaren adina. Obuletako kromosoma-nahasmenduen ugaritzea esponentziala da emakumearen adinarekiko.
Jakintza-alor anitzeko gure taldeak aldez aurretik egingo duen azterketak zehaztuko du kasu bakoitza, eta ondorioztatuko du gomendagarri den tratamendu hau egitea. Pronostikoa hainbat faktoreren araberakoa izango da, eta, hortaz, horiek aldez aurretik aztertu beharko dira.