INTSEMINAZIO ARTIFIZIALA (IA)
Laguntza bidezko ugalketa-teknika erraza
Intseminazio artifiziala (IA) laguntza bidezko ugalketa-teknika erraza da. Honetan datza: semena umetoki-barrunbean sartzen da, espermatozoideek obulua ernal dezaten, ziklo naturalean gertatzen denez. Ez du ebakuntza kirurgikorik, anestesiarik edo atsedenaldirik behar izaten.
Hainbat modalitate daude, pazienteen ezaugarrien arabera:
Bikotekidearen semena ala emaile baten semena:
● Emakumearen bikotekidearen haziarekin egiten den intseminazio artifiziala haziaren faktorea arina denean; hots, horren espermatozoideen kantitatea eta kalitatea egokitzat jotzen ditugunean obulura iritsi eta ernaltzeko.
– Obulazio-arazoak dituzten emakumeentzako tratamendua izan daiteke.
– Patologia sexual fisiko edo psikologikorik badago, intseminazio artifiziala egingo da: disfuntzio sexualak, isurtzeko arazoak, baginismoa, atzeranzko isurketa, hipospadiak dira horietako batzuk, besteak beste.
– Aztertu ondoren kausarik aurkitzen ez badugu,“jatorri ezezaguneko antzutasuna” dela ondorioztatuko dugu, eta intseminazio artifiziala izango da lehenengo aukera, horielakoetan.
● Emailearen semenarekin egiten da intseminazio artifiziala gizonengan espermatozoiderik lortu ezin dugunean (azoospermia) edo gizonezko bikotekidea ez duten emakumeen kasuetan (bikote homosexuala duen edo bikotekiderik ez duen emakumea).
Ziklo naturala ala estimulatua:
● Obulutegien estimulazioaren bidez, bizpahiru obulu lortzen dira, haurdun geratzeko arrakasta-tasak handitzeko. Obulu bat baino gehiago izateak haurdunaldi anizkoitza izateko arriskua dakar.
● Ziklo naturala honetan datza: ziklo obarikoaren ohiko garapen folikularra monitorizatzen egiten da intseminazio artifiziala. Horrela, haurduntza anizkoitzik ez gertatzea lortuko dugu, baina haurduntza-tasak txikiagoak izango dira. Hasierako aukera izan daiteke hori emailearekin egiten den intseminazio artifizialean.
Intseminazio artifizialaren urratsak:
1. Obulutegien estimulazioa
Obulutegien estimulazioa: zikloa hilekoarekin hasiko da; orduan hasiko da obulutegiak estimulatzen gonadotropinekin. Hormona horiek bizpahiru folikulu bilduko dituzte, eta horietako bakoitzak obulu bat du barruan. Intseminazio artifizialean eginarazten den obulutugien estimulazioa txikia da, obulu asko egon ez dadin eta, hortaz, haurduntza anizkoitzik gerta ez dadin. Bizimodu normala egin daiteke estimulazioan zehar. Intseminazio artifiziala ziklo naturalean egiten bada, ez da obulutegirik estimulatuko.
2. Monitorizazioa
Monitorizazioa: obulutegien estimulazioan ekografia batzuk (bizpahiru) egin behar izaten dira garapen folikularra egiaztatzeko eta erabakitzeko zein izango den unerik egokiena obulazioa eginarazteko.
3. Obulazioa edo Trigger-a
Intseminazio artifizialean eginarazten den obulazioa gidatua da, zehatz-mehatz jakiteko noiz egongo den obulua Falopioren tronpan, eta zein izango den unerik egokiena semena umetokian uzteko.
4. Intseminazioa
Intseminazioa: obulazioa eginarazi dugun egunean, semena umetokian utziko dugu. Semen hori aldez aurretik prestatu da andrologia-laborategian kontzentrazioa eta mugikortasuna hobetzeko.
Umetoki barneko intseminazioa honela egiten da: kateter bat sartzen da utero-lepotik. Ekintza erraza da, azterketa ginekologiko baten antzekoa, eta kontsultan bertan egiten da. Ez da analgesia edo atsedenaldirik behar izaten
5. Fase luteoaren euskarria
Fase luteoaren euskarria: intseminazioa egin ondoren, tratamendu bat gehituko da bagina barruko progesterona bidez, eta hori haurduntzaren proba egin arte utziko da.
6. Tratamendu osteko itxaronaldia
Tratamendu osteko itxaronaldia: 12 egunen buruan, haurduntzaren proba egingo da.
Antzutasun-azterketa
Aldez aurretik, antzutasun-azterketa egin behar izaten da, intseminazio artifiziala bideragarria izango den jakiteko. Pazientearen aurrekarien eta adinaren, antzutasun-denboraren eta azterketan lortutako datuen arabera, pronostikoa eta haurdun geratzeko aukerak zein diren jakingo dugu.
Hiru IA saialdi egin ohi dira, eta emakumea haurdun geratzen ez bada, laguntza bidezko ugalketako beste teknika batzuk erabiliko dira, hala nola, in vitro ernalketa (FIV).
Intseminazio artifizialari buruz gehiago jakin nahi duzu?